Etorkizunaren ernamuin dira

Haztegi lanetan ari dira Bizkerre eta Mulier. Garai ezberdinetan sortu dira, eta bilakaera ezberdina izan dute, baina badute ezaugarri komun bat: erreferente dira harrobian.

Arrazoi eta garai ezberdinak izan zituzten sorburu, baina bideak batu egin ditu. Bizkerre eta Mulier itsasargi dira Euskal Herriko emakumezkoen futbolean. Akaso ez dira fokupean gehien agertzen diren klubak, eta bertako jokalariak ez dira izango lerroburuetako protagonista. Ordea, biharko egunez horietan agertuko direnen bultzatzaile nagusi dira bi klubak: etorkizunaren ernamuin dira.

Harrobia lantzea da Getxoko (Bizkaia) Bizkerreren eta Mutiloabeitiko (Nafarroa) Mulierren egiteko nagusia. Lehendabizikoek urteak daramatzate langintza horretan, 1980. hamarkadaz geroztik, eta aspaldi jaso zituzten lehendabiziko fruituak: «Datorren urtean 220 jokalari izango ditugu. Espainiako lehiaketetan jokalari gehien dituzten klubetan bigarren edo hirugarren izango gara», adierazi du Xabier Arrietak (Getxo, Bizkaia, 1983), Bizkerreko emakumezkoen futbol saileko koordinatzaileak.

Getxoko eta alboko herrietako neskek «futbolean hasi eta jarraitzeko» leku bat izatea dute xede. Arrietak argi du zein den kluba osatzen dutenen nahia: «Neskak mailaz maila joatea, lehen taldera heldu arte». Huraxe da klubaren filosofiaren zehar-lerroa, eta, hargatik, 15 urtetik gorako jokalaririk ez fitxatzen saiatzen dira.

Arrietak azaldu duenez, Bizkerren jokatu nahi duten 12 urtez azpiko jokalari guztiek lekua dute: «Berdin dio aurrez beste klub batzuetan aritu diren, inoiz aritu gabeak diren edo nolako maila duten; guztiak onartzen ditugu». Nolanahi ere, batzuetan 15 urtetik gorako jokalariekin osatu behar izaten dituzte taldeak, Arrietaren esanetan: «Zergatik den hori? Athleticek azken hiru urteetan hogei jokalari eraman dituelako Bizkerretik». Horrek eragina izan du Espainiako Bigarren Mailan ari den getxoztarren lehen taldean, eta aitortu du «une zehatzetan ezohiko erabakiak» hartu behar izan dituztela.

Emakumezkoen futbolaren gorakadaz galdetuta, gorakadan bainoago «eredu aproposa» aurkitzean egon da gakoa, Arrietaren arabera. Bizkerren eskola bat dute 6-7 urteko haurrentzat, eta huraxe jarri du horren adibide: «Lehen, neskak eta mutilak elkarrekin aritzen ziren futbolean, eta neska askok atzera egiten zuten. Orain, eskola horietan, neskek euren lekua aurkitzen dute futbolean beste neskekin aritzeko. Horrek indarra hartu du, eta jokalari gehiagok eman dute hasteko pausoa».

Behar batetik eraikia

Halako egoerarik ez dute izan Mulierren. Bizkerre ez bezala, Nafarroako kluba emakumeek soilik osatzen dute, 2014an sortu zutenetik. Hasiera haiek gertutik ezagutu zituen Javier Ugaldek (Iruñea, 1988), bera izan baitzen, Josu Dominguezekin batera, taldearen lehen prestatzailea: «Garai zailetan sortu genuen kluba. 2014an, gizonezkoen Osasuna Bigarren Mailara jaitsi zen, eta zuzendaritzak emakumezkoen taldea kentzea erabaki zuen».

Jazoera horren ostean, jokalariek, haien gurasoek, eta bi entrenatzaileek Mulier kluba sortzea erabaki zuten. Emakumezko jokalariek soilik osatuko zuten, eta kudeatzaileak ere emakumezkoak izango zituen: «Ulertzen genuen gizonezkoen klub batean emakumezkoen edozein talde gehigarri hutsa zela. Gauzak ondo zihoazenean, bikain, baina zarata pixka bat ateraz gero, kalera. Emakumezkoetan, egitura baten beharra ikusi genuen».

Alabaina, Osasunan zuzendaritza aldatu zuten uda hartan, eta kudeatzaile berriek lankidetza hitzarmen bat eskaini zioten Mulierri. Iruñeko klubarekin aritu ziren aurreneko bi urteetan, nahiz beren kudeaketa propioari eutsi. Bi urte iraun zuen hitzarmen horrek, eta atzera Aranguren ibarrera itzuli ziren. Ondo doakie ordutik; 90 jokalaritik gora dituzte, eta talde bat sortzen dute urtero: «Egitura bikaina dugu. 8 urterekin gurekin hasi nahi duen edozein neskak goraino iritsi arteko bidea egin dezake, une oro gure klubean arituta».

Kopuruen gorakadaz ohartu da Ugalde azken urteotan: «Asko hazi da, jendea benetako apustua egiten ari baita. Gizartea aurrera egiten ari da, aldatzen, eta futbola gizartearen isla izan ohi da». Aldaketa hori mugimendu feministari esker gertatu dela uste du prestatzaileak, eta gizarteko aldaketa futbolera ere iritsi izana azpimarratu du: «Lehen, futbolean aritu nahi zuen neska bati etxean esaten zitzaion ezetz, beste kirol batean eman zezala izena. Orain, pentsaezina da hori».

 

Please reload

Entradas destacadas

RENOVACIÓN DE IÑIGO JUARISTI

7 Jul 2020

1/4
Please reload

Entradas recientes
Please reload

Archivo
Please reload

Tel: 617 998 216

  • Instagram - Círculo Blanco
  • YouTube - círculo blanco
  • Facebook - círculo blanco
  • Twitter - círculo blanco

Bidebarri, 13 bajo

Algorta-Getxo. 

Club Bizkerre FT © 2020 I Todos los derechos reservados